Design a site like this with WordPress.com
Hasi zaitez

Irakasleen formakuntza

2021-2022 ikasturtean ere STEMotiv proiektuak bere bidea egiten jarraitu du. Aurreko edizioetako esperientzia aintzat izanik, ikasleen STEM konpetentziak garatzeko eta, era berean, STEM ikasketetara eta ofizioetara hurbiltzeko ahaleginean, ikasleen bidelagun zuzenek duten rola aztertu eta zera ondorioztatu genuen: ikasleen STEM bokazioak eta asmo profesionalak pizteko, irakasleek STEM hezkuntza-ereduaren gaineko ezagutza izatea ezinbestekoa dela. 

Hau horrela, ikasturte honetan, STEMotiv proiektuan parte hartu duten ikastetxeetako irakasleei STEM hezkuntza-ereduaren gaineko formakuntza eskeini diegu, hiru mintegiren formatuan. Alegia, lehen mintegian HUHEZIko STEM hezkuntzaren markoa aurkeztu genien, tarteka, irakasleen aurrezagutzak aztertzeko dinamika parte-hartzaileak martxan jarriz. Mintegi horretan ateratako eta partekatutako ideiak borobiltzeko asmoarekin, irakasleek urte horretan garatuko zuten STEM proiektuaren inguruan lanean hasi ziren: gai posiblea aztertzen, konpetentziak zehazten, lan taldeak osatzen, besteak beste. Bidean egindako lanaren kontrastea egiteko helburuarekin osatu genuen bigarren mintegia, non irakasleek gidaritza hartu eta HUHEZIko bidelagunekin sortutako proiektuaren nondik norakoak azertu genituen. Azkenik, proiektua ikasleekin gauzatu ondoren, hirugarren mintegia baliatu genuen proiektuaren 360 graduko ebaluazioa egiteko, hobekuntza proposamenak zerrendatzeko eta hurrengo ikasturteko STEM hezkuntzarako asmoak zirriborratzen hasteko. 

Zumaienako eta Kurtzebarriko irakasle-taldeak balioan jarri du formakuntza eta eskertu dute unibertsitatetik jaso duten bidelaguntza. 

Datorren ikasturtean ere, formakuntza lanetan jarraituko dugu, irakasleak STEM hezkuntzan gaituz eta STEM proiektuen planteamenduan, diseinuan eta ebaluazioan gidatuz.

%d bloggers like this: